Kapitain berriari elkarrizketa

Tiro bakarraz bi txori jotzea bezalako pagotxarik ez omen dago, elkarrizketatu bakarraren bidez bi elkarrizketa lortzea bezalaxe. Horrela, hurrengo lerroetan Aritz Aranburu Mintxerok kontatutakoak jaso nahi izan ditugu, Jaitzubiako kapitain berriak zer kontatua bai baitu, bai bere karguaz eta baita Jaitzubiako web guneaz ere (bera baitugu sortzaileetariko bat). Jarraian, hona 32 urteko jaitzubiar honek 2009ko auzoko kantinera hautatu eta handik bi egunetara eskainitako elkarrizketa.

Nolatan sortu da Jaitzubiako konpainiaren web gunea? Beste konpainiarik ba al da web gunerik duenik? Gure asmoa originala eta desberdina zen zerbait egitea izan da. Hondarribian konpainiarik ez dago web gunerik duenik eta behar horretaz jabetuta, Jaitzubiakoa sortu dugu. Web gune orokor bat bada Hondarribiko Alardeari buruz, baina konpainiei buruzko informazioa urria da eta horregatik sortu dugu geurea. Ideia Aintzane Olaziregiri (2002ko auzoko kantinerari) otu zitzaion. Komisiokoei aipatu nien eta baiezkoa eman zuten. Halaxe, abendu bukaeran www. Jazubia.com domeinua erosi genuen eta urtero kuota txiki bat ordaintzea besterik ez dugu egin behar. Kuota konpainiak ordainduko du eta edukien kontua borondatezko lanaren bidez egingo da.

Ze helbururekin sortu duzue? Nola dago osatua? Gure konpainian gazte asko dago eta batez ere beraiei zuzenduta sortu dugu gunea, elkarrekin komunikatzeko helburuarekin (gaur egun gehientsuenok ordenagailua bai baitugu gure etxeetan). Hala ere, gure gunea konpainiakoei ez ezik, kanpokoei ere irekita dago. Ni neu eta nire adiskide den Koldo Arozena hasi ginen kontu honekin. Koldo ordenagailuen munduan sartuta dago eta bere garaian gure koadrilako weg gune bat osatu genuen, beraz, lehendik ere ibiliak gara saltsa hauetan. Web gunearen osaerari dagokionez, hasteko Jaitzubiako konpainiako datuak jarrito ditugu: historia, estatutuak, bitxikeriak, etabar. Ondoren, kantinerak eta buruzagiak; bertan erregistro historiko bat jarriko dugu izen eta argazkiekin. Musikaren atala ere izango da gunean (Alardeko musika, partiturak, etabar), baita foro bat (jendeak bere iritzia eman dezan) eta agenda ere (konpainiaren ekintzen berri emango duena: entseguak, kantineren hautaketak, bilerak…).

Espero al duzu beste konpainiak ere gauza bera egitera animatzerik? Baietz uste dut, beste bizpahiru, behintzat, bai. Izan ere, zenbait kapitaini Jaitzubiakook egiteko asmoa genuena aipatu eta inbidiz geratu dira.

Lan handia izan al da web gunea sortzea? Sortzea ez, baina mantentzeak lan pixka bat suposatuko du: edukiak eguneratu behar dira, argazkiak zintzilikatu, agenda berritu, foroa mantendu, jendearen parte-hartzea bultzatu… Orrialdearen eduki guztiak ikusteko, erabiltzaileak erregistratu egin beharko du, baina horrek ez du inolako konpromisorik suposatuko. Orrialdea zenbatek bisitatzen duten bakarrik jakin nahi dugu horrekin eta bide batez, konpainiako kideen zentsua eraman, Alarde Fundazioak horretara behartzen baikaitu.

Noiz jarriko da martxan gunea? Abuztuaren erdialdera, entseguen aurretik. Jaietan egunero saiatuko gara orrialdea berritzen (informazioa eguneratuz, argazkiez…). Horrekin batera berriz diot gure gunea irekia den zerbait izango dela. Pozik jasoko dugu jendearen ekarria: ideia berriak, jendeak eskainitako informazioa eta baita proposamenak ere (proposamenak komisioan aipatu eta kontuan hartuko dira).

Web gunea ez da aurtengoan Jaitzubiako Konpainiak estreinatuko duen gauza bakarra, kapitaina ere aurten berria da; zu zeu, hain justu… Bai, hala da. Ni iaz sartu nintzen komisioan konpainiakoei laguntzeko asmoz eta aurreko kapitainak (Martzelino Olaziregik) laguntzeko prest nengoela ikusirik, kapitain izateko proposamena luzatu zidan. Martzelino 10 Alardetan egon da eta bospasei aldiz teniente gisa, eta gure penarako izan den arren, erreleboa ondo merezia zuen. Jaitzubiako konpainian hiru kapitain ezagutu ditut: Florentxio Arrieta, Adrian Olaziregi eta Martzelino, Adrian zenaren anaia. Hirurek lan handia egin dute gure konpainiaren alde dudarik gabe, baina nik ongien Martzelino ezagutu dut eta zinez esan dezaket berak egin duen lana gainditzea zaila izango dela. Aurten kapitain gisa aterako naiz estreinakoz, baina lehendik kubero gisa aterata nago, eskopetarekin ere atera nintzen urte batean eta geroztik, txilibitoarekin desfilatu izan dut.

Noiz hartu zenuen kargua? Nolatan? Familian tradiziorik bai zuk kargua hartua izateko? Abenduaren 12an hartu nuen kargua eta deialdia irekia izanagatik, aurkeztu zen hautagai bakarra izan nintzen. Familian tradiziorik ez dago; arreba orain 15 urte kantinera atera zen Jaitzubian eta baditut kantinera gisa Hondarribian eta Irunen atera diren familiakoak, baina gainerakoan bestelakorik ez.

Alardea hilaren 8ko kontua da, baina kapitainaren lana urte osokoa. Prestaketa berezirik egin behar izan al duzu? Bilerak, deiak… Prestaketa bai, hori bai egin behar izan dudala. Iaz, esaterako, txilibitoen lehen ilaran atera nintzen Martzelinok hala gomendatuta, kapitainak eta buruzagiek egiten dituzten lanak ikusteko. Horretaz gain, iazko martxoan kapitainarekin bileretara joaten ere hasi nintzen: jendea ezagutzeko, funtzionamenduaren berri izateko… Horretan Martzelinok ederki engainatu ninduen! Urtean bilera pare batera bakarrik joan beharko nuela esan zidan, baina, bai zera! Zorionez, urrea balio duen emaztea dut eta eskerrak pazientzia handia duen.

Behin eta berriz aipatu dugu aurreko kapitain izan den Martzelino Olaziregi eta konpainiaren alde egin duen lana. Konta daitekeen aholkurik eman al dizu? Aholkuak? Bai, pila bat, gainera. Horien artean, adibidez, ni neu izateko eta gauzak argi inposatzeko. Hala ere, lehendik azterketatxo bat egin zidan, ez pentsa: ea lan zertan egiten nuen (ardurazko postua betetzen dut enpresa batean), erabakiak hartzen eskarmenturik ba ote nuen, etabar. Nik susmatu gabe egin zidan sondeoa eta gero afari batean, barre eta algara artean, ni neurtu nahian ibili zela aitortu zidan. Horrelaxe engainatu ninduen; komisioaren laguntza izango nuela hitz eman zidan, kideen artean oso giro ona dagoela esan zidan, eta egia da, baina dena ez da hain erraza.

Beldurrik bai? Zeri? Beldurra bai, jakina. Hanka sartzeari, buruzagien agurra behar bezala egiteari, deskarga behar den moduan egiteari… Azken finean hilaren 8ko txikikeria guztiei. Lehen urtea da niretzat kapitain moduan eta oraindik gordin nago, baina nire aldetik behar den guztia jarriko dut, hori seguru.

Zer eskatzen dio Aritz Aranburuk aurtengo irailaren 8ari? Inor kapitainaz ez jabetzea, horrek nire lana ondo burutu dudala esan nahiko du. Inork nabaritzen ez badu kapitain berria hor dagoela, seinale ona.

Ainara Elizondo

Compañia

Asociación cultural "Compañia Jaizubia" del Alarde de Hondarribia

 

Inicio de sesión