2009ko Kantinerari elkarrizketa

San Inazio jai bezperan, Jaitzubian gora egin dugu, auzoko elkartetik gora geratzen baita Ogallurreta baserria. Gure elkarrizketatuaren aitona den Gaxpar Olazabal agurtu dugu atarian, Jaitzubiako konpainiaren alde musutruk lan asko egindako gizona. Segidan, Nerea etorri zaigu agurtzera, 2009ko Alardeko Jaitzubiako aurtengo kantinera. Ogallurreta barrura sartu eta lagun zein ingurukoek oparitutako lauzpabost lore sorta artean egin diogu elkarrizketa Nereari, oraindik ere gertatu zaiona ezin sinisturik dela. Administrazio eta Finantza ikasketak eginak dituen 23 urteko neska jator honek nekez ahaztuko du aurtengo urtea, eta izendapena jakinarazi ziotenetik bizi izan dituenak jakin nahian, hona jarraian Nerea Ugartek kontatutakoak. 

 

1.-Ezer baino lehen, zorionak, Nerea. Kontaiguzu nola jakinarazi zizuten berri pozgarria. Ba al zenekien aurkeztuta zeundela?

Bai, susmoa banuen. Ama ibili zen argazkia ateratzen eta orduan hartu nion susmoa. Kantinera hautatu nindutela jakinarazi zidaten momentua, berriz, izugarria izan zen. Arratsalde hartan sukaldean nengoen, afaria nuen eta bertara joateko prest. Kotxe bat pasatzen ikusi nuen, ondoren lore sorta bat, ama ondotik lasai egoteko esanez atea irekitzen zuen bitartean… Erdi negarrez hasi nintzen, kapitaina bera ere ikusten ez nuela. Aritz, Iñaki eta Arkaitz etorri ziren −Aritz Aranburu kapitaina, Iñaki Susperregi eta Arkaitz Otegi tenienteak, hurrenez hurren− eta Aritz ni lasaitu nahian ibili zen. Jarraian, kantinera atera nahi nuen galdetu zidaten eta jakina denez, ezezkorik ez nien eman. Oso polita izan zen, baina hain urduri nengoenez ez naiz guztiaz behar bezala gogoratzen.

 

2.-Zer izan zen burutik pasa zitzaizun lehen gauza?

Iritsia zela nire momentua. Benetako sorpresa izan zen, ez nuen espero.

 

3.-Txori txiki batek esana digu egun horretan sekulako parranda egin zenuela, eta hurrengo goizean argazkia atera behar izan zenuela Fundazioko web gunean zintzilikatzeko…

Bai, lorik ez nuen egin gau hartan, baina ondo pasa nuen. Etxeratu nintzenean lehengusuarekin hitz eta pitz egon nintzen eta azkenean lorik egin gabe geratu nintzen. Dutxatu, txukundu, fundaziorako argazkia atera eta lanera joan nintzen zuzenean. Arratsaldean Aritz eta Erikarekin −Erika Pikabea, iazko Jaitzubiako kantinera− egon nintzen, izan ere, galdera pila neuzkan egiteko prestaketen inguruan, eta gero lanera joan nintzen berriro. Azkenerako, gaueko 11etan oheratu nintzen.

 

4.-Zer esaten dizute etxekoek, jendeak, lagunek?

Oso pozik daude. Ama kantinera atera zen bere garaian eta niretzat ahizpa bezala den nire bizilagun Amaia ere bai. Ama atera zenekoa ez nuen ezagutu, baina Amaiarena gertutik bizi izan nuen. Jendeak zoriondu egiten nau eta ingurukoek ere ez zutela espero uste dut. Askok galdetzen didate ea Ogallurretakoa naizen eta asko aldatu naizela esaten didate. Gainera, bitxia da, baina bada urteetan ikusi ez dudan jendea, nire telefonoa nolabait lortu eta zoriontzeko propio deitu nauena. Lagunak ere oso pozik daude. Tanborradako Ana Ramirez ere nire koadrilakoa da, eta parranda dezente egiten ari gara. Aurtengo kantinera gehienak lehendik ere zagutzen nituen (Kostako Nerea, Montañako Alaitz, Mendeluko Izaro…); nire eskolako mordoxka aterako gara aurten.

 

 

5.-Zerk egiten dizu ilusio gehien? Zeri diozu beldur gehien?

Entseguek ilusio handia egiten didate eta Alardeak ere bai, jakina; hala ere, Alarde eguna azkar pasako denez, pena ere ematen dit. Kantinera jantzia dagoeneko prest dut, entseguetako jantziak ere bai eta soineko txuria egin egingo didate, lortzea ez baita lan erraza. Kapitainak dena aste betean prestatzeko aholkatu zidan eta arrazoi zuen, abuztuan denda gehienak itxita egoten baitira eta ez baitago gauza gehiegi egiterik. Belarritakoak ere baditut eta eskularruak ere bai; abanikoak, berriz, oraingoz hiru. Amak bere garaian eraman zuen abaniko bat badut eta hura ere eraman nahi nuke, baina ez dakit Alarde egunean edo entseguren batean eramango dudan, ikusiko dugu.

Beldurrari dagokionez, zerbait gaizki ateratzeari diot beldur, botek min emateari edo pausoa ondo ez eramateari. Hilaren 8ko jantzia ez da nirea eta jantziari zerbait gertatzeak ere beldur ematen dit. Azken finean jendeak goitik behera begiratzen zaitu eta ahalik eta ongien joan nahi duzu.

 

 

6.-Zure osaba Gaxpar zaldi gainean ateratzen da urtero. Konbentzitu al duzu zurekin ondoan joateko edo nor eramango duzu zure alboan?

Lehengusuak joango dira nire ondoan, baina osaba ere konpainian aterako dela suposatzen dut…

 

7.-Gomendiorik eman al dizute?

Bai, segundu bakoitza disfrutatu eta ondo pasatzeko. Hala ere, denbora berehala igarotzen da, batez ere gauzak prestatzen.

 

8.-Jaitzubia konpainiak garai kaxkarrak pasa zituenean, jaitzubitar batek hamaika danbor eta ezpata erosi zituen konpainiak aurrera egin zezan, eta urte batzuk beranduago birloba kantinera izendatu dute. Zer esan dizu zure aitona Gaxparrek?

Aitona oso ilusionatuta dago, oso pozgarria izan da nire etxekoentzat. Nire aitonari poz ematen dio konpainia aurrera nola atera den eta nola handitzen ari den ikusteak. Izan ere, konpainia asko aldatu da aitonaren garaietatik, eta bere lanak fruitua eman izana aitonarentzat oso gauza polita da.

9-Irailaren 8a hurbiltzen ari da eta ze mezu bidali nahi die aurtengo Jaitzubiako kantinerak ondoan izango dituen soldadu eta konpainiako gainerako kideei?

Bihotz-bihotzez eskertu nahi diet guztiei aurten auzoko kantinera ateratzeko eman didaten aukera, eta beraiei bakarrik ez, zoriondu nauen jendearen, lagunen eta gainerakoen animoak ere zinez estimatzen ditut. Ilusio handiz bizitzen ari naiz gertatzen ari zaidan guztia eta aurtengoa ere denontzat egun ahaztezina izan dadila espero dut.

 

 

AINARA ELIZONDO

 

 

Compañia

Asociación cultural "Compañia Jaizubia" del Alarde de Hondarribia

 

Inicio de sesión